XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. KONTZEPTUA.

Errenazimentua Europa-ko Aro Modernoari hasiera ematen dion aldia da.

Hitzak dioen bezala, Grezia eta Erroma-ko letra klasikoen birpizkunde edo birbizteari (renascentia, resuscitare) lotua dago.

Aro hau sakontzen hasten den edonor bi arazoren aurrean aurkituko da: Bata, noiz ematen den beraren hasiera eta amaiera, eta bestea, zeintzu diren errenazimentuaren ezaugarri nagusiak.

(Alde batera uzten dugu Errenazimentuaren eta Erdi Aroaren arteko desberdintasuna, autore gehienek onartzen dutelako).

A) ERRENAZIMENTUAREN MUGAK ETA EZAUGARRIAK.

Esan den bezala, aro honen mugak jartzerakoan, autore guztiak ez dira bat etortzen, baina gehienek XV. eta XVI. mendeetan kokatzen dute Errenazimentua.

Eta filosofiari dagokionez, Nikola Cusa-koaren eta Descartes-en artean tartekatzen den aldia izango litzateke Errenazimentuko filosofia deitzen dugun aroa.

Eskuarki, Errenazimentua definitzeko ematen diren ezaugarriak ere ugariak dira.

Hona hemen aipatuenak: Aintzinate klasikoaren birpiztea (humanistek horrela proposatzen zuten); ideia eta sinesmenen krisia: erreforma, kontraerreforma edo, hitz batez esateko, erlijio-burrukak; aurkikuntza berriak geografian, merkatal eta zientzi arloetan; munduari eta gizakiari buruzko ikusmolde berriak: gizakiaren aurkikuntza, berau izaki autonomo eta aske gisa gogoematen den aldetik; estatuaren ikusmolde berria, estatua artelantzat hartuz; orduan ematen da, baita ere, herexeen erretzea eta filosofo zein zientzilarien zapalkuntza etab.

Ezaugarri horiekin eta horiei gehi diezazkiekegunekin, ezin esan dezakegu, lehen begirada batetan behintzat, Errenazimentuak batasun uniforme bat duenik.

Errenazimentuan, beraz, berau aro historiko bezala hartuz eta, batez ere, historiaren aldetik begiratuta, zenbait puntu nabariak direla esan behar da.

Nabariak dira, esaterako, orduko pentsamendu-mailako jarreren ugaritasuna eta beraren trantsizio-jitea.